XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erronkarierazko dotrina argitaragabe bat: edizioa eta azterketa

RICARDO GOMEZ

(EHU, Gasteiz)

0. Atarikoá Egileak Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker burutu ahal izan du lan hau.

0.1. Gure diputazioetako artxiboetan ia itzaldurik gordetzen diren eskuizkribu anitzetarik bat ematen dut lan honetan argitara: Nafarroako Artxibo Orokorreko Fondo Bonaparte delakoan B-118 signatura daraman Doctrina Uscaraz (aurrerantzean DU), erronkarieraz idatzitako dotrina osagabea 1. Ik. Izengabea (1913: 191), Bonaparteren nafar eskuizkribuen katalogoa, ziurrenik Arturo Campiónek prestatua; ik., halaber, González Echegaray (1984: 97). Aurrerantzean, besterik aipatzen ez badut, Nafarroako Artxiboaren Fondo Bonaparte-ko eskuizkribuez jardungo dut.

Testu honen edizioa paratzeaz gain, irazkina ere eransten dut, hala testuko puntu ilunak hobeki ulertarazteko nola kontu askotan hain bitxi gertatzen zaigun erronkarieraren ezagupenerako aurrerapausu txiki bat egin asmoz 2. Diodan, bidenabar, artikulu hau Erronkariko euskalkiaz dagoeneko abian dagoen lan handiago baten zati bat dela. Bertan E-ko testu guztien edizio kritikoa eta euskalki beronen gramatika burutu nahi ditut.

0.2. Eskuizkribuak zazpi orri ditu, 21,5 x 15 zm.-takoak eta, lehenbizikoa izan ezik, bi aldeetan eta tinta beltzez idatziak; testua bi zutabetan banaturik dago.

Orriak josita daude koaderno bat osatuz.

Letra aski txukuna da eta ia zirriborrorik gabea; idazkeran aldaketa txikiren batzu badaude ere, esan daiteke ia ziurtasun osoz egile bakar batek idatzia dela.

Edukiari dagokionean, koadernoak dotrinaren zati batzu soilik biltzen ditu: galde-erantzunen hasiera, hots, kristau izenari eta gurutze santuari buruzkoa (1-70. lerroak); zeinatzearen otoitza (71-83); Aitagurea (84-105); Agur Maria (106-123); Kredoa (124-183); Salbea (184-224); Hamar Mandamenduak (225-283); Artikulo Fedezkoak (284-369); Elizaren Mandamenduak (370-397); Obra Miserikordiazkoak (398-446); Sakramentuak (447-465); Ni becataria (466-517) eta Aylatu dela (518-528).

Azken otoitz hau ez da sartzen, nik dakidala, ezagutzen diren euskarazko kateximetan, baina gazteleraz behintzat oraintsu arte erabilia izan da liturgian (Bendito sea, alabado sea...) 3. Datu hau J. Apezetxeari zor diot; bihoa hemendik ene esker ona.